KREAN-ek hitzarmena sinatu du Statkraft-ekin, Euskadin energia berriztagarrien proiektuak garatzeko eredu berri bat abian jartzeko

Gizartean proiektuak ulertu eta txertatzeko esfortzua egingo dute eta erraztasunak emango dituzte energia eta instalazioen jabetza kontsumitzaileen esku egoteko.

  • Elkarlanean arituko dira konpainia biak, etorkizuneko Itsaraz eta Piaspe haize-parkeen eta industriaren, tokiko erakunde publikoen eta herritarren arteko elkarbizitza ahalbidetzen duen formula bat zehaztu eta gauzatzeko. Hala, proiektuen garapenaren ardatza beti ere gizartean duten erabilgarritasuna izanik.
  • KREAN Mondragon Korporazioaren parte da eta energia berriztagarriak ekoizteko bi instalazio hauek industrian eta herritarren artean zabaltzeko prozesua gauzatuko du. Hala, Euskadiko energia berriztagarrien proiektuei ingurumen- eta gizarte-aldetik zentzua ematea xede duen eredua sendotuko du, euskal gizarteak proiektu horiek bere egin ditzan.
  • Herritarren artean zabaltzeko, hitzarmenean tokiko energia-komunitateen sarea sortzea aurreikusten da, proiektu bien harira bultzatzen diren prozesu sozialen arabera garatu eta abiaraziko litzatekeena.

2023ko urriak 26.- KREANek, Mondragon Korporazioaren parte den eta pertsonengan eragin positiboa izatea xede duen ingeniaritza-taldea eta sustatzailea denak, eta Statkraftek, Europa mailan energia berriztagarrien ekoizle nagusia denak, hainbat hitzarmen sinatu dituzte, Euskadiko herritarrak, industria, enpresak eta administrazio publikoak Statkraft erkidegoan garatzen ari den bi haize-proiektuen parte izan daitezen: Itsaraz, Arabaren, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren arteko mugan; eta Piaspe, Gipuzkoan.

Hitzarmen horiek oinarri hartuta, konpainia biek Itsaraz eta Piaspe sustatuko dituzte. Elkarlanean arituko dira haize-parkeak industriarekin, tokiko erakunde publikoekin eta herritarrekin bat-etortzea ahalbidetzen duen egitura juridiko eta ekonomikoa zehazteko. 

KREAN taldea proiektuen parte izanda, bi alderdiek aukera berritzailea planteatu dute Euskadin energia-trantsizioa gauzatzeko. Are gehiago, aukera hori EAEn energia mota hau gizartean zabaltzeko prozesurako erreferentea izatea lortu nahi da.

KREAN eta Statkraftek eredu berri bat proposatu dute, Europako gainerako tokietan dituzten proiektuak garatzeko orduan ardatz dituzten balioekin bat datorrena, erantzukizuna eta elkarrizketa proiektuen erdigunean jarriz. Itsaraz eta Piaspe izango dira ikuspegi berritzaile horren protagonistak eta hiru ardatzen inguruan egituratuko dira proiektuak: energia berriztagarriak gizartean zabaltzea, herritarren parte-hartzeari esker; euskal industriari tokiko elektrizitate-hornidura eskaintzea; eta azkenik, lankidetza publiko-pribatua lortzea.

Bi enpresek proiektuetarako laguntza emango dute, ezagutza eta gaitasuna partekatuz. Gizarteari emango diote protagonismoa eta azpiegiturak behar bezala garatzen eta eraikitzen direla eta ondo funtzionatzen dutela bermatuko dute.

Horrela, euskal gizartea protagonista izango da, Itsaraz eta Piaspe haize-parkeen jabe eta kontsumitzaile izango baita.

KREANek haize-parkeak gizartean zabaltzeko prozesua garatu eta gauzatuko du, eta Euskadiko industriak parte hartzeko posible diren ereduak diseinatuko ditu. Horretarako, proiektuen parte izatea proposatuko dio industriari, eta zehaztutako formulek industriak elektrizitatearen kontsumitzaile handi gisa dituen interesei erantzuten diela bermatuko du.

Haize-parkeak herritarren artean zabaltzeko prozesuaren buruan ere izango da KREAN eta horretarako, tokiko energia-komunitate eolikoak bultzatuko ditu. KREANek kooperatiba-arloan duen esperientzia oinarri hartuz, gizarteratzeko ereduak erabiliz eta lurralde bakoitzak proposatutako aurrerapen- eta antolakuntza-eskema aintzat hartuz, bi proiektuen inguruan hainbat tokiko energia-komunitate sortzea da asmoa. Zabalkunderako eskema handinahia aurreikusi dute alderdi biek eta tokian tokiko errealitatera egokitzeko konpromisoa hartu dute, eremu bakoitzeko gizarteari protagonismoa emanez eta ezagutzarekin, esperientziarekin eta baliabideekin lagunduz.

Euskadiko haize-proiektuetarako etapa berria hasiko da horrela. KREANen eta Statkraften ekimenarekin, gizartearekin harremanetan egotea eta hura barne hartzea izango da proiektuen xedea, izan beharreko eragina izan dezaten, jabetza partekatua izan dadin eta kontsumoa tokikoa izan dadin.

Itsaraz eta Piaspe, 68.000 familiarentzako energia garbi eta autoktonoa

Euskadin Itsaraz eta Piaspe haize-parkeak garatzen ari dira KREAN eta Statkraft. Momentu honetan, izapidetze-fasean daude.

Zehazki, Arabaren, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren arteko mugan kokatuko litzateke Itsaraz haize-parkea (Aramaio eta Eskoriatza udalerrien artean) eta 60,4 megawatteko (MW) potentzia-ahalmena izango luke. Piaspe haize-parkea, aldiz, Gipuzkoan kokatuko litzateke (Azpeitia, Erretzil eta Zestoa udalerrien artean) eta 33 MW-ko potentzia-ahalmena izango luke. 

Bi instalazio horiek martxan jartzeko, 90 milioi eurotik gorako baterako inbertsioa egin beharko lukete gutxi gorabehera eta 2027. urtean hasiko lirateke lurralderako energia garbi, eskuragarri eta autoktonoa sortzen. Orotara, bi haize-parkeen energia-ekoizpenarekin 68.000 etxebizitzaren urteko batez besteko kontsumoa asebeteko litzateke, gutxi gorabehera.

KREAN taldeari buruz

MONDRAGON Korporazioaren parte den talde kooperatiboa da KREAN. Bost jarduera-arlotan dihardu (arkitektura, industria, hiria eta lurraldea, eraikuntza eta sustapena) eta gizartearen etorkizuneko erronka nagusietarako soluzio integralak proposatzen ditu. KREAN Energia Aldaketarako Estrategia Europarraren eta Euskal Energia Trantsizioaren esparruan, herritarren arteko energia-komunitateak sustatzen liderra da Euskadin. Energia-komunitate horien xedea herritarrak ahalduntzea da, autokontsumorako energia berriztagarriak sortu eta kudea ditzaten. Teknologoekin eta ikerketa-zentroekin, ikastetxeekin eta unibertsitateekin sare-lanean aritzen den 300 pertsonatik gorako taldeak osatzen du KREAN.

Statkraft enpresari buruz

Energia hidroelektrikoaren sorreran liderra den nazioarteko enpresa da Statkraft. Gainera, energia berriztagarrien ekoizle nagusia da Europan. Taldeak energia hidroelektrikoa, eolikoa, eguzki-energia eta gas bidezkoa ekoizten ditu eta auzo-berokuntza ere eskaintzen du. Energia-merkatua kudeatzen duen nazioarteko konpainia da Statkraft eta 5.300 langile ditu, 21 herrialdetan. Gaur egun, konpainiak 2.300 MW berriztagarriko zorroa dauka Espainian. Jada 700 MW fotovoltaiko ditu martxan eta PPA arloan erreferentea da Iberiar penintsulan. Hain zuzen ere, jada 1,8 GW-eko eguzki- eta haize-ahalmena du merkatu horretan.

25.10.2023

Partekatu: