Euskal erakundeen arteko lankidetza publiko-pribatuaren ondorioz, Arabako Armiñon udalerrian kokatutako EKIENEA proiektuak 70 milioi euro inguruko inbertsioa beharko du, eta 162.000 pertsonarentzako energia garbia sortuko du, Arabako biztanleriaren ia erdia.
Jon Berbel, KREAN taldeko zuzendari nagusia; Ignacio Galán, Iberdrolako presidentea; Iñigo Ucín, Mondragon Korporazioko presidentea; Ramiro González, Arabako Ahaldun Nagusia; eta Iñigo Ansola, EEEko zuzendari nagusia, Iñigo Urkullu lehendakariari azaldu diote gaur goizean proiektuaren nondik norakoak eta irismena; izan ere, proiektua eraikitzen ari den bitartean 300 lanpostu sortuko ditu inguru horretan, eta agerian utzi dute karbono gutxiko ekonomia lortzeko trantsizioa oparotasunaren eta hazkundearen aukera dela.
KREAN P&S-ko ekipoak garatutako proiektua da eta Lacorzanako finkan dago, Armiñongo udalerrian (Araba), eta gaur goizean aurkeztu diote Iñigo Urkullu lehendakariari Jon Berbel Krean Taldeko zuzendari nagusiak, Ignacio Galan Iberdrolako presidenteak, Mondragon Korporazioko presidenteak, Iñigo Ucinek, Ramiro Gonzalez Arabako Ahaldun Nagusiak eta Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuak ere parte hartu du bileran, eta EKIENEAren bultzatzaileek garapen berri horren xehetasunen eta dimentsioen berri eman dute.
100 megawatteko (MW) potentzia instalatuta eta 70 milioi euro inguruko inbertsioa eginda, instalazio berriztagarri handi horrek energia garbia sortuko du 162.000 pertsonaren urteko kontsumoa asetzeko, Arabako biztanleriaren % 48 baino gehiago, eta ia hirukoiztu egingo du Euskadiko egungo eguzki-sorkuntzarako ahalmena, 60 MW-tik gertu. Gainera, urtean 25.000 tona CO2 atmosferara isurtzea saihestuko da.
Lacorzanako finkaren ondoan Ekian eguzki-planta dago, urtarrilean inauguratua eta 24 MW-ko potentzia instalatua duena. Gaur aurkeztutako proiektuaren ekoizpena aldameneko instalazioarena baino 3,5 aldiz handiagoa izango da.
Eraikitzen ari den bitartean, EKIENEAk 300 enplegu sortuko ditu puntako lan-garaian, eta, beraz, karbono gutxiko ekonomia lortzeko trantsizioa oparotasunaren eta hazkunde jasangarriaren iturri ere badela erakutsiko du.
EKIENEA 200 hektareatan zehar hedatuko da; horietatik 100 planta fotovoltaikoak hartuko ditu, eta beste 100 hektareatan, berriz, ingurumena konpentsatzeko eta baso-eremuak zaintzeko lursailak izango dira.
Aurreikuspenen arabera, proiektua 2022an hasiko da gauzatzen, ingurumena behatzeko eta administrazio-izapideak egiteko prozesu konplexu baten ondoren, eta 2023an jarriko da martxan, urtebetean eraiki ondoren.
Energia berriztagarriko instalazio berri hori, halaber, aukera paregabea izango da proiektuaren eragile izango diren euskal enpresen soluzio teknologikoak proiektatzeko.