LKS-k garapenerako Banku Inter-Amerikarrean egin den “Migrating from a Traditional City Management to the Smart City” mintegian parte hartu du

Joaneko asteartean (uztailak 12), LKS-k, Mondragon Korporazioko kide gisa, Garapenerako Banku Inter-amerikarraren egoitzan (Washington DC) egindako mintegian parte hartu zuen.

Mintegi horretan, hainbat adituk nazioarteko zenbait azterketa-kasu aurkeztu zituzten, horien bitartez zenbait hirik Smart City bilakatzeko bidea nola egin duten azaltzeko, hiri-garapenean integratutako proiektu zehatzak gauzatuz eta garapen-egoera eta -testuinguru desberdinetan teknologia txertatuz.

Horrez gain, sektore pribatuko bazkideek (MONDRAGON tartean) testuinguru globalerako irtenbide berritzaileak ezarri dituzten adibide zehatzak aurkeztu zituzten.

Oraingo honetan, LKS-k SmartEnCity proiektua aurkeztu zuen, “Horizon 2020 Hiri eta Komunitate Adimendunak” europar programaren baitan kokatzen dena. Egitasmo horren barruan, Gasteiz "itsasargi-hiri" izango da, eta, hala, energia-eraginkortasunaren, garraioaren eta IKTen inguruko irtenbideak modu integratuan aplikatuko dira hirian, pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko helburuz.

Arabako hiriburuaz gain, Tartu-ko (Estonia) eta Sonderborg-eko (Danimarka) hiriak ere proposamenaren parte dira, eta antzeko helburuak dauzkaten ekintzak egingo dituzte, hiri bakoitzaren ezaugarrietara egokituta. Proiektuaren parte dira ere Lecce (Italia) eta Asenovgrad (Bulgaria), eta itsasargi-hiriek egokitzeko eta erantzuteko duten gaitasuna aztertuko dute, horren arabera proiektuaren eragina handitzeko modua aurkitzeko. 

Hiru hirietan egin beharreko proiektuek helburu dute etxebizitzetako energia-beharrak murriztea, tokiko baliabideez baliatuta energia berriztagarriekin hornitzea eta hiri-mugikortasunean energia garbiak erabil daitezela sustatzea, ibilgailu eta azpiegitura adimendunak zabalki hedatuta. Halaber, IKTak oro har erabiltzea aurreikusi da, proiektuak antolatzean eta abiaraztean guztiak integratu eta koherentzia mantentzeko, herritarren partehartzea lortzeko eta egindako ekintzen onuradunak pertsonak direla bermatzeko. Proiektua 2016ko lehen hiruhilekoan jarri da martxan, eta bost urte eta erdi iraungo dituela aurreikusi da.

VISESAk egiten ditu tokiko koordinazio-lanak, Gasteizko komunitatea zuzenduz, Tecnaliaren europar koordinatzailearekin eta Gasteizko Udalarekin lankidetzan. Hona hemen beste bazkide batzuk: Ingurumen Ikerketen Zentroa, Mondragon Korporazioa (Fagor Ederlan, H-Enea ETIC, MCCTELECOM, LKS), Acciona Azpiegiturak, Giroa, Cartif Fundazioa eta GIS Estudioak.

Ekitaldiari amaiera emateko, “The Road toward Smart Cities” liburua plazaratu zen, hiria modu tradizionalean kudeatzetik Smart City ereduaren pean kudeatzera igarotzeko erari dagokionez halabeharrez eduki beharreko eztabaidaren testuingurua eskaintzen duena.

http://www.iadb.org/en/topics/emerging-and-sustainable-cities/smart-city-management,20282.html

 

26.07.2016

Partekatu: