KREANek Arrasateko Udalak 2016an Juan Arzamendi Musika Etxea eraikinerako deitutako ideien lehiaketa publikoaren proposamen irabazlea garatu du. Lanen irismena proiektua idaztea eta obrak zuzentzea izan da
Proiektuaren helburua Arrasateko “Aprendices” Eraikin historikoa birgaitzea izan da, Arrasate Musikal musika-eskolaren eta Goikobalu abesbatzaren jarduerak garatzeko. 1939an inauguratutako eraikina da, nortasun arkitektoniko nabarmenekoa eta Arrasateko historia hurbilaren adierazgarri. Bi premisa horietatik abiatuta, proposamenak honako helburu hauek lortu nahi ditu:
- Eraikina programaren eskakizun berrietara egokitzea, jatorrizko proiektu arkitektonikoaren funtsezko ezaugarriei eutsiz, nortasun eta adierazkortasun berezia ematen baitiote.
- Hiri-paisaian nortasun horri eustea.
- Proiektuak berak dinamizatutako hiri-espazio berriak sortzea, eta eraikinaren eta ibaiaren arteko harremana eraldatzea.
Proposamenak hartzen duen erabaki nagusietako bat da solairu batean altuera handitzea, programan deskribatutako beharrezko azalera osoari erantzuteko, eta paralelepipedoaren irmotasuna eta ikuspegi desberdinetatik duen pertzepzioa babesteko. Hirugarren solairu hori fatxadako lerro nagusitik atzeraematen da, eta beiraz eta metalez diseinatzen da, jatorrizko horma-fatxadarekiko kontrapuntua bilatuz eta argiaren aurrean duen portaera dinamikoa aprobetxatuz. Solairu horretan daude eskakizun akustiko txikieneko gelak, hala nola kudeaketa- eta zerbitzu-eremuak eta erabilera anitzeko terraza.
Eraikinaren sarrera nagusia hegoaldeko fatxadatik egiten da. Horrela, barne-antolamendua optimizatzen da, komunikazio-gune bertikala erdigunean jarriz, eta sarbide-fluxu berri bat sortzen da, hiri-espazioaren zati hori birdefinitu eta berreskuratzeko aukera ematen diguna.
Auditorioa, programaren elementu azpimarragarria, kanpoko aldean sartzen den pieza bakarra da, jatorrizko fatxadaren konposizioa eta materialtasuna aldatuz, eta eraikinaren erabilera berriaren adierazkortasunean eta sarbidearen eta kanpoko plazaren konfigurazioan lagunduz.