EKIOLA Mendialdea, energia ekoizten duen Euskadiko lehen kooperatiba herritarra.

 

  • Kooperatibistek 31,56 €/MWh energia prezio egonkorra bat izango dute datozen 25 urteetan, ohiko merkaturatze-prezioarekiko oso lehiakorra.

 

  • Agurainen hasi dira Lautadako Ekiola obrak, apirilean operazioan hasteko.

 

Arraia - Maeztu, Araba. 2023ko azaroaren 2a. – Ekiola Mendialdea, Arabako Arraia-Maeztuko udalerrian dagoen Euskadiko eguzki-energia ekoizteko kooperatibak sarerako konexioa osatu du sei hilabeteko lanaren ondoren. Hori dela eta, 0 km-ko elektrizitatea ekoitzi eta kontsumitzeko ekimen atzindari horrek energia berriztagarria ekoizten du dagoeneko eta herritarrak hornitzen ditu. Energia ekoizten duen Euskadiko lehen Ekiola da.

 

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak eta Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzálezek eguzki-parkea inauguratu dute, Arabako Mendialdeko Kuadrillako lehendakari Eduardo Ruiz de Loizagarekin, Arraia-Maeztuko alkate Gemma Ramosekin, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusi Iñigo Ansolarekin eta KREANeko sustapen zuzendari Asier Etxaberekin batera; azken honek plantaren zehaztapen teknikoak eta energiaren ekoizpenaren nondik norakoak azaldu ditu.

Mendialdea eguzki-parke fotovoltaikoak 1,50 MWp-ko potentzia instalatua du (puntako megawattak), bazkide kooperatibistak hornitzeko instalatutako 3.000 plakari esker. Kalkulatzen da 2.118 MWh/urte energia ekoitziko dela.

Ekiolako energiaren prezioa egonkorra izango da instalazioaren lehenengo 25 urteetan, eta 31,56 €/MWh izango da; beraz, oso prezio lehiakorra da merkaturatzaile elektrikoek gaur egun eskaintzen dutenarekin alderatuta. Adibidez, urriaren 31rako pool elektrikoaren prezioa 104,92 €/MWh izan da. Bazkide bakoitzari aurrezkiaren estimazio bat bidali zaio, eta egungo energia-prezioak kontuan hartuta, nabarmena izango da.

EKIOLA (Energiaren Euskal Erakundearen eta KREAN) erakundeak sustatutako proiektu honek 2,25 milioi euroko inbertsioa izan du, eta Arabako Foru Aldundiaren laguntza eta Europako MRR funtsen finantziazioa jaso du, CE Implementa programaren bidez. Horri esker, etxebizitza bakoitzeko batez besteko ekarpena ez da 1.500 eurotik gorakoa izan. Gaur egun, 64 bazkide/familia baino gehiago daude kooperatiban, eta, instalazioaren ekoizpen-ahalmen handiaren ondorioz, Arabako Mendialdeko Kuadrillatik haratago zabalduko da atxikitze-prozesua, eta proiektua lehen sektoreko merkatari txikiei, autonomoei eta ustiategiei zabalduko zaie, baita Vitoria-Gasteizi ere, pixkanaka.

Arantxa Tapiak nabarmendu du garrantzitsua dela energia-eredua aldatzea eta herritarrek gure inguruan dauden baliabide berriztagarriak ustiatzen modu aktiboan parte hartzea, energia-trantsiziorako bide nagusietako bat baita. Gainera, inguruneari, industriari eta landa-inguruneari energia berdea prezio oso lehiakorrean izateak ekartzen dien aukera nabarmendu du.

Bestalde, Arabako ahaldun nagusiak Ekiolak Arabako Kuadrillei eskaintzen dien parada azpimarratu du; hala, haien energia hornikuntzan hobekuntza ekonomikoak eta ingurumenekoak lortzearekin batera, sorkuntza berriztagarrietan parte hartzen dute. “Mendialdea eskualdean 700 familia izatera irits daitekeen autokudeaketa-eredu hau, etorkizunean, Arabako gainerako Ekiolak martxan jarrita, Lurralde osoan energia-kontsumo berde, berriztagarri eta 0. kilometrotik 4.200 Arabako familia izatera irits daiteke”.

 

Ekiola Lautadak instalazio-lanak hasi ditu

Arabako Kuadrilletan EKIOLA kooperatibak sortzeko prozesuak aurrera doaz. Azaroaren 2an, Lautadako Ekiola Batzarra egin zen Agurainen, proiektuari atxikitako bazkideak integratzeko. Bertako lanak dagoeneko hasi dira, eta, aurreikuspenen arabera, apirilean hasiko da energia ekoizten.

Abenduan, Gorbeialdeko Ekiola egingo da, lanak hastearekin batera, eta pixkanaka Arabako gainerako kuadrilletako batzarrak egingo dira, proiektuak aurrera egin ahala. Aiarako Ekiola 2024aren hasieran hasiko da.

Euskadin, hurrengo hilabeteetan, energia ekoizten hasiko dira Leintz Bailarako Ekiola (Arrasaten) eta Azpeitiko EKINDAR. Urte berriaren hasieran hasiko dira lanak Zumaian eta Lea-Artibain.

 

Ekiolaz

EKIOLA Energiaren Euskal Erakundearen eta MONDRAGON Korporazioko KREAN ingeniaritza sustatzailearen arteko lankidetza publiko pribatuaren emaitza da. Ekimenaren helburua da energia-komunitateak sortzea, herritarrek berek sor dezaten beren beharrak asetzeko behar duten energia elektrikoaren %100. Gainera, kooperatibak lege-tresna gisa funtzionatzen du etorkizuneko energiari planteamenduen arabera aurre egiteko, eta kideek ez dute aldatu behar etxeko instalazio elektrikoaren inolako gailu edo alderdirik.

Eguzki-parkearen instalazioak 25 urteko funtzionamendu- eta errendimendu-bermea du; beraz, sortutako energiak prezio egonkorra izango du denboraldi horretan, eta horrek onura nabarmena dakar energia-prezio handiko egoera horretan gertatzen diren aldaketen aurrean.

Informazio gehigarrirako, kontsultatu www.ekiola.eus webgunea.

23.11.2023

Partekatu: