2024ko urtarrilaren 17an, Arabako Armiñon udalerrian, Lacorzanan, Ekienea parke fotovoltaikoaren Plan Bereziaren behin betiko onarpena argitaratu da ALHAOn. Horren bidez, lurzoru urbanizaezinean erabilera fotovoltaikoa ezartzea ahalbidetzen duen hirigintza-dokumentuaren izapidetze-prozesu luzea amaitzen da.
Plan Bereziaren xedea 170 hektareako eremua mugatzea eta antolatzea da, eguzki-instalazio fotovoltaikoa ezartzea ahalbidetzeko, urtean 160.000 MWh ekoizteko gutxi gorabehera.
Lurzoru urbanizaezineko plan bereziaren eremua Armiñongo udalerriko (Araba) Lacorzana izeneko eremuan dago. 170 ha-ko azalera hartzen du, eta mugak honako hauek dira:
- Iparraldean, Erriberabeitiko udal-mugarteko lurzoru urbanizaezina.
- Hegoaldean, Zadorra ibaiak, Ebro ibaiaren bokaletik gertu, eta Lacorzanako aintzirak mugatzen dute eremua.
- Mendebaldean, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Gaztela eta Leonen arteko mugarekin bat egiten du, eta, zehazkiago, Miranda de Ebroko udalerriko Bayas industrialdearekin.
- Ekialdean, eremua Lacorzanako landa-guneak eta Ribagudara daraman landa-bideak mugatzen dute
Proposamenaren sustatzailea Ekienea da, Eólicas de Euskadi (Iberdrola), Energiaren Euskal Erakundea (Eusko Jaurlaritza), Enargi Araba (Arabako Foru Aldundia) eta KREAN partaide dituen sozietatea.
Proiektua 2030erako EAEko energia-politikaren gidalerroen barruan kokatzen da, ingurumen-onurak ekarriko baititu garapen jasangarriari eta klima-aldaketaren aurkako borrokari dagokienez. Aurreikusitako ekoizpena, 160.000 MWh ingurukoa, urtean 47.500 etxebizitza argindar kontsumituko liratekeenaren parekoa izango litzateke, eta horrek 38.660 tona CO2 inguru isurtzea saihestea ahalbidetzen du.
Plan Bereziari Ohiko Ingurumen Ebaluazio Estrategikoa egin zaio. Hainbat azterlan egin dira eta Ingurumen Azterketa Estrategikoan jaso diren neurri zuzentzaile eta konpentsatzaileak aurreikusi dira, hala nola:
- Balio agrologiko handiko lurzoruen okupazioa konpentsatzeko nekazaritzako eta abeltzaintzako proiektua.
- Balizko arkeologia gisa katalogatutako eremuen eta ondare-elementuen babesa bermatzeko azterketa arkeologikoa.
- Fauna-azterketak: hegazti-fauna, herpetofaunistikoa eta odonatoak Lacorzanako aintziraren inguruan. Urlehortarrentzako putzuak sortzea aurreikusi du.
- Ingurumena lehengoratzeko proposamena, Lacorzanako aintziraren eta Zadorra ibaiaren erriberaren artean (ES2110010 KBEa) korridore ekologiko gisa zerrenda naturalizatu bat sortzea aurreikusten duena.
- Azterketa hidraulikoa
Plan Berezia 2020an hasi zen idazten, eta ia lau urte eman ditu izapidetzen. Plan Berezia behin betiko onartuta, mugarri garrantzitsu bat bete da Lacorzanan Ekienea parke fotovoltaikoa eraikitzen hasteko beharrezko baimenak lortzeko.