RESA-LKS KREAN ABEEari esleitu diote Iruñerriko Ingurumen Zentroaren aurreproiektua

RESA FICHTNER eta LKS KREAN enpresek osatutako Aldi Baterako Enpresa Elkarteari esleitu diote Imarkoainen Ingurumen Zentroa eraikitzeko IRUÑERRIKO ZERBITZUAK sustatutako lizitazio publikoa.

Esleitutako zerbitzuen artean daude: beharrezko informazio tekniko, ekonomiko eta administratibo guztia jasoko duen aurreproiektua idaztea, dokumentu tekniko gisa erabili, eta gerora Ingurumen Zentroaren egikaritze, obra eta hura abian jartzeko proiektuaren lizitazio bateraturako; eskaintzak ebaluatzeko irizpideak finkatzea; eta horri laguntza teknikoa ematea, lotetan bereizteko aukerarekin.

Iruñerriko etxeko eta saltokietako hondakinen gaikako bilketatik lortutako gaiak tratatzeko zentroa izango da: hots, jatorrian bereizitako materia organikoa (5. edukiontzia), ontziak eta materialak, errefusa eta egurra (industrialdeetan jasotakoa barne).

Energiari dagokionez, zentroak biogasa arazteko eta biometanoa sortzeko instalazio bat izango du, baita sarerako injekzio aurreikuspena ere, eta, hala badagokio, hondakinak biltzeko ibilgailuen hornidura sistema bat instalatuko da. Plaka fotovoltaikoak instalatu, eta energia elektriko edo termikoaren ekoizpenean beste estaldura eta espazio batzuei etekina ateratzeko modua ere aztertuko da.

Ingurumen zentroan hainbat instalazio egongo dira, errefusaren zein ontzi eta materialen tratamendu mekanikorako, materia organikoaren tratamendu biologikorako, egurra biltegiratu, sailkatu eta birrintzeko instalazio bat, eta edukiontziak aldi batean gordetzeko beste bat. Beste zerbitzu batzuen artean, eragikera arloetatik bereizitako bisita zirkuitu bat ere izango du, prozesu guztiak ikusteko modukoa, eta erabiltzaileentzat sarbide independentea izango duen puntu garbi batekin.

5. edukiontzitik bereizita jasotako materia organikoaren tratamendu biologikoaren amaierako produktua konpost merkaturagarria izango da; errefusetik eta ontzietatik datorrena, berriz, material bioegonkortua izango da, medeagarri organiko gisa, obra publikoetako estaldura gisa edo zabortegiak ixteko geruza gisa erabiltzeko nahikoa kalitateduna.

Hondakin horien tratamendu edo biltegiratze lanetarako instalazioen multzoa erabat itxitako nabeetan antolatuko da, garraio elementu mekanikoen bidez elkarren artean komunikaturik daudela, depresio atmosferikoan lan eginez. Instalazioei airea xurgatzeko sistema espezifikoak jarriko zaizkie, eta, gero, berriz atmosferara bidali aurretik, usaina kendu eta araztu egingo dira.

09.10.2019

Share: